MUBIL Mobility Expo 2026 azokak aukera eman dio BasqueCCAMi mugikortasun adimendunaren esparruko bere soluzio teknologikoak aurkezteko, baita garatzen ari den azken proiektuen berri emateko ere. Gainera, Drive Test gunea erakusleiho ezin hobea izan da elkartearen gaitasun teknologikoa Carol ibilgailu automatizatuaren bidez erakusteko; izan ere, ibilgailuak ikusmin handia sortu du bertaratutakoen artean. BasqueCCAMen standera hurbildu diren ordezkari instituzionalen artean izan da Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia ere, LandaGO proiektuaren aurrerapenak bertatik bertara ezagutzeko.
BasqueCCAMek balorazio positiboa egin du MUBIL Mobility Expo 2026 azokan izandako parte-hartzeaz, mugikortasun jasangarriaren eta berrikuntza teknologikoaren inguruko topagune profesional nagusietako batean. Ficoban egindako azokak sektoreko balio-kate osoko enpresak, erakundeak eta eragile espezializatuak bildu ditu, eta etorkizuneko mugikortasunera bideratutako aurrerapenak, gaitasunak eta soluzioak erakusteko erakusleiho gisa balio izan du.
BasqueCCAMen gunean arreta gehien erakarri duen elementuetako bat Drive Test gunean ikusgai egon den Carol ibilgailu automatizatua izan da. Azokako bi jardunaldietan zehar, 50 bisitari baino gehiagok izan dute ibilgailua gertutik ezagutzeko eta haren gaitasun teknologikoak ingurune praktiko eta erakusgarri batean ikusteko aukera.
BasqueCCAMeko kide diren Lander Elorza Hernandez eta Joseba Berasain Garmendia arduratu dira bisitariei ibilgailuan integratutako sistema teknologikoak azaltzeaz; besteak beste, BasqueCCAMen bazkide estrategiko nagusietako bat den AVLren DGT sistema. Erakustaldi jardunaldi hauek aukera eman dute mugikortasun konektatu, kooperatibo eta autonomoaren potentziala modu argi eta ulergarrian hurbiltzeko, eta aldi berean, elkarteak arlo horretan egiten duen lana balioan jartzeko.
“50 lagunetik gora igaro dira BasqueCCAMen Drive Test gunetik MUBIL Mobility Expo 2026 azokan”
Azokaren inaugurazio instituzionalaren ondoren, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza BasqueCCAMen standera hurbildu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako LandaGO proiektuaren aurrerapenak ezagutzeko interesa erakutsiz.
Bisitan zehar, Eider Mendozak proiektuaren bilakaera xehetasun handiagoz ezagutzeko aukera izan zuen, baita Amezketa eta Abaltzisketa artean egindako proben bideoa ikustekoa ere. Bisita instituzional horrek agerian utzi du berrikuntzarekin, mugikortasun adimendunarekin eta erakunde publikoen zein eragile teknologikoen arteko lankidetzarekin lotutako ekimenek sortzen duten interesa.

Ekitaldiaren programari dagokionez, Álvaro Arrue Lobera, BasqueCCAMeko zuzendari nagusiak, lehen jardunaldiko mahai-inguruetako bat gidatu zuen: “Etorkizuneko mugikortasuna: automatizatua, adimenduna eta segurua”. Saioan sektorearen erronka nagusietako batzuk jorratu ziren, automatizazioari, mugikortasunean aplikatutako adimenari eta segurtasunari lotutakoak, eta sistema horien bilakaerari buruzko ikuspegi espezializatua partekatzeko aukera eman zuen.
BasqueCCAMentzat, MUBIL Mobility Expo bezalako hitzordu batean parte hartzea aukera garrantzitsua izan da sektoreko enpresa, erakunde eta profesionalekin harremanak sendotzeko, baita elkarteak garatzen duen teknologiaren aplikazio errealak erakusteko ere. Azokak berriz ere agerian utzi du mugikortasun jasangarriaren ekosistemaren barruan konektatzeko, ikusgarritasuna lortzeko eta aukera berriak sortzeko plataforma gisa duen garrantzia.


